XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hots, hautatu beharraren makurra errege-ordetzaren okerraz ordainkatuz, itxurako bakea hobetsi dute administrazio zuhurra baino, eta errege egokien hautuez kalapitaz ibili baino irriskatu nahiago izan dute zenbait haur, zenbait munstro edo zenbait buruments, buruzagi izan dadin; ez dute gogoan erabili nola alternatibaren irriskuei bidea irekitzen diena bere buruaren kontra jokatzeko menturan bete-betean sartzen den.

Zentzuz betea zen Denis gaztearen hitz hau, aitak egitate ahalke egingarri zenbaitengatik erasian galdatu ziolarik: Horrelako eredurik erakutsi diata?, ihardetsi baitzion: A, zure aita ez zen errege!

Besteen manatzeko hezia izan den gizonari arrazoinamena eta jujamena urritzen ohi zaio.

Horrela gertatzen da.

Diotenaz, egin ahalak egiten dituzte printze gazteei errege izateko artearen irakasteko; ez dirudi, ordea, irakaskuntza horretarik probetxurik batere duten.

Hobeki legikete obeditzeko artea lehenik irakats baliezaiete.

Historiak ospatu dituen errege handienak ez dira errege izateko heziak izan; ez da sekula zientzia horretaz hain guti jabetzen nola gertatzen baita sobera ikasi ondoan, eta hobeki ikasten da obedituz ikasiz baino.

Nam utilissimus idem ac brevimus bonarum malarumque rerum delactus, cogitare quid aut volueris sub alio Principe aut volueris 26,27.

Koherentzia falta horren ondorioa da errege gobernamenduaren aldakortasuna eta jarraikitasunik eza, batzuetan egitarau baten, eta, besteetan, beste baten arabera aritzen baita, noiz nola, eta nolakoa den, karguak eskutan dituen erregearen, edo haren orde errege lanetan dabiltzan jendeen nortasuna; gisa horretan, gobernamendu horrek ezin atxiki dezake luzaz xede finkorik eta jokabide segidazkorik.

Aldakortasun horrek Estatua maximaz maxima eta proiektuz proiektu sigi-sagaka ibilarazten du, ez baita horrelakorik gertatzen printzea beti bera den beste gobernamenduetan.